XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Halere ez dakit ez izenik ez telefonorik... beraz...

Jertseia! Ummm. Zulotxoa.

Baina nik josi diot eta! Eta kutxatxoa.

Zergatik utziko ote zidan kutxatxoa?

Hutsik dago, ireki dudanean bezala.

Ea zerbait duen kanpoan.

Ai! Isterakoan berriro sentitu dut. Azkuria.

Merezi al du horrela egoteak?

Beharbada hobe litzateke ohean etzan eta bere deiaren zai egotea.

Beharbada lehenago deituko zidan ni oraindik etorri gabe nengoenean.

Gainera ospitalera eraman behar izan badute ez zeukaten motxilan kalerako hainbeste erropa sartu beharrik.

Beraz, han ez dago.

Bahituta? Hori? Ez.

Dena den, Aitziberren berririk ez badut poliziari deitu beharko diot, hori argi daukat.

Baina oraindik goizegi da hara deitzeko.

Gehiago itxaron dezadan eskatuko lidakete.

Goizerarte itxarongo dut.

Gaupasa egitea otu izan balitzaio oharren bat utziko zidakeen.

Arropa ordea...

Eta lagun baten etxean asteburua igarotzera gonbidatu badute?

Ez litzateke horren harritzekoa izango.

Beharbada bihar goizean deituko dit ondo dagoela esanez.

Eta kutxatxoa? Oparia edo? Mmmm, izan lieteke.

Ez da nire urtebetetzea baina...

... ez da ba bizilagunen baten etxean egongo... beharbada beranduago espero ninduen... bere berebila nik daukat ordea...

... bihar goizean... ez badago... polizia... non utziko ote zuen amaren telefono zenbakia...

- Ai! Aaaaah! Aitziber! Aitziber!

Etorriko ote zen?

Azkenean lo gelditu naiz...

- Aitziber?

Ez dago erantzunik.

Hau gehiegizkoa da.

Aitziberrek badaki ni azkar kezkatzen naizela eta bera ere nahiko heldua da horrelako gauzak ez direla egin behar jakiteko.

Zer arraio egiten dut nik orain jakin baldin badaiteke?

Ia hamarrak dira, eta ez du etxean lo egin.

Hamabiak arte itxaron? Ez dakit.

Polizia? Galdetzeko behintzat.

Edo... Baina zer esango diet ba!

Hogeitalau urteko nire laguna arropa hartu eta desagertu dela ezer esan gabe?

Adina badu nahi duena egiteko.

Hala eta guztiz ere gauza horiek lagunei komentatu egiten zaizkie; hori gutxienez.

Zertarako joan behar zuen esaten ez bazidan ere, joan behar zuela esan ezperen, eta kitto.

Txirrina.

- Banoa! ...A! Kaixo, Sara.

Aitziber ikusi al duzu?

- E? Ba, ez... zera, behin jatera gonbidatu ninduzueneko txokolate pastelaren errezeta eskatu nahi nizun.

Gaur semearen lagunak datoz entrenamenduaren ondoren Josebaren urtebetetzea ospatzera.

Hamairu egiten ditu.

Horren gustokoa du txokolatea!

Nik baneukan errezeta baina ez dut aurkitzen eta dendara joateko presaka nabil.

Badakizu, ume hauek... Zerbait gertatzen al zaizu?

- Bai, zera, ez, niri ez.

Baina Aitziber gaur gauean ez da etxetik agertu.

Kezkaturik nago.

Abisatu gabe ez du inoiz halakorik egin.

Ez dakit nola... Ahh, ez dakit.

- Norbaiti esan al diozu?

- Ez. Ez dakit familiari abisatu beharko diodan.

Beraiek kezkatzea ordea...

- Jakin beharko dute.

Desagerpena ez da zure errua.

- Desagerpena?

- Beno, esateko modu bat da.

Lasaiago sentituko bazara, deitu poliziari.

Beraiek ezer ez badakite, itxaron arratsalderarte familiari deitzeko.

Ordurako Aitziberrek deitzeko denbora izango du, deitzekotan.

- Zuk uste duzu...

- Bai. Ulertzen dut zu kezkatuta egotea, baina ez larritu oraindik.

Begira, ni orain erosketetara noa.

Senarra berandu etorriko zait lanetik eta semeak jolastera joan zaizkit.

Erosketetatik etorri eta pastela egiten lagunduko al didazu?

- Pastela? Ez dakit... baina hemen izan beharko litzateke... eta norbait badator... deitzen badidate ...

- Lagunartea izango duzu behintzat.

- Beno... ados ba.

- Gero arte.

- Bai.

Hor zegoen Martina ateko zulotxotik begira.

Kontakatilu hori! Orain mundu santu guztiari esan beharko dio entzundakoa!

Sara konfidantzazkoa dut behintzat.